XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nere ikerlanean ez dut astirik galduko horien jorratzen baina aitortu behar dut, gure gisakotasuna (orijinaltasuna) hobeki kokatzen, zehazten eta finkatzen, ustegabean lagundu nautela.

Benetako berezitasunak dauzkagula Europar kultura baten barrutian ezin uka, baina maiz euskaldun ikerlariei zaigu gertatu kanpotarrei gogoratzea ez garela mendi zoko batean bizi, baina itsasertzean ere, ez garela baztertuak, baina bidekurutze batean gaudela jarriak: ez Santiagobide ginenean baizik, baina lehenagotik eta geroztik.

Horixe dio geografiak, kondairak, ekonomiak eta etnologilari gisa zerbait ikasten ibilia naiz, J.M. Barandiaran, J.C. Baroja, Th. Lefevre, E. Goyheneche, B. Otaegi, J. Altuna, J.M. Satrustegi, ta P. Zabaleta, ikerlarien gandik, euskaldun direlako, erdaldun goresle ta gaitzesleen beste biderik baitzeukaten.

Europa guztiko jakitateak gure herriratu direla sumatzen badugu, aspaldidanik ez bakarrik eskolatuen giro zerratuan asmo berriak, asmaketak, berrikuntzak herriz-herri kurritzen zirela badakigu.

Jakituri berri sortzaileen atzetik ibiltzen astirik galdu gabe, hauzitan ipiñi behar duguna da, herri-jakintza/eskola-jakintza delakoen arteko harremanak, elkaremateak, elkar ukatzeak.

Hain zuzen jagoiti bilduak ditudan idazkien artean, argi dago kultura arartekoak izan ditugula, abere-sendagintzan teknikoak (kimistak, albaiteruak herri-marexalak) jende sendagintzan petrikilloak jinko txipiak danatuak eta abadeak;

nola nahi ere, apezei behin ta berriro aintziñako gotzainek (apezpikuek) sendagintzan ibiltzea debekatzen zieten alferretan XIX. XX. mendean eliza-gizonek, bakean herri-sendagintzan ihardungo dute.

Bai, geu ere joku hortan sartzen gara: askotan geure nortasuna nabarmendu beharrez, batzutan ez jakinean: hala, bereiziak ez diren ohitura, bizi molde, gogo-bideak goraipatuz geuk benetan ekarri duguna ikusi gabe gure benetako baloreez konturatu barik.

Nere ikerlanen esnaurketek eroan naute, gure historia gure etnologia, eta gure hizkuntzari buruzko mitoen kritikatzera.

Nire aintziñako ikerbideak apur bat orraztuta, ez dut uste, halare, gure euskal mundu sasidun honetan ez naizela nonbait zorri batetan trabatuko.

Egia da, gure ezaugarrien artean hizkuntza bazter utzita Herri-jakintza badagoela edo behintzat, herrian aurkitzen eta biltzen diren jakituri nasaiak, oparotasun hortan ez baita sekulan ere erraza izango nondik datozen baiestea:

egin ditudan biologia ta etnologiazko ikasketak ez zaizkit behin ere gehiegi izango gure zokotasunaren sasi-egiak, ikertzeko ta orrazteko, baina ondokoei ere utzi behar dizkiegu, geuk bildutako jakituriez hitzegiteko, aztertzeko ahalmenak, baldin egun batean argitaratzen badira.

3. Herri-sendakuntzaren erabilgarritasunaz

Aurretik aipatu ditudan guregisakotasunaren ezaugarriak zein izango lirakeen bilatzeak, beste alor batera garamatzi.

Lehenik esan beharko zaigu zehaztasun ta xehetasun gabez geuk, euskaldunok osasunbide, sendabide sailetan zer asmatu dugun, sekulan ez dugula erraz jakingo, ustegabeko aurkikuntzak egin arte, baina bost axola zaigu, naziokerien eztabaidetan sartu nahi ez garelako.

Zertan bilatu behar dugun sendokiago gure bereizitasuna: jakituri orokor batean, gure izateari, gure bizimoldeari, gure ingurumenari, Izadiari egoki zaizkigun jakiturien moldatzean, hola zehatz genezake erabilgarritasun bat.

Adibidez gure mendi, ibarretan eta ez dendetan aurkitzen ditugun belarrak edo erostekotan erabiltzen jakingo ez ditugunak, euskarazko idazkietan irakur genetzazke, holako bat aurkitu dugu, harri-preziosen erabileraz medikuntzan (ik. Alberto Magno euskaraz, in Bulletin du Musée Basque, Baiona, 1974) (Izenburuaren fotokopia).

Bai nola erabili lezake herrian, Zuberoan, norbaitek goiharririk (harri preziosik), bai, diamante, jazinto, esmeralda, safiro, karbundo, bezoar, pantaura ta beste, jakinik ere faltsuak merkeago direla.

Erabilgarritasunari muga bat ipintzen diona da, ere, moda: garai batean belarrena galdu egin zen, berriro dator, berdin desagertu zaizkigu, erabat landare nahasketa zaharrak: Elektuariu, Teriaka, Orbietan eta Konstantinopolitana, drogaki ospetsuak.

Erabiltzeari oztopo egiten duena gaur da, diru izatea ta segurantzaren laguntzaz sendagailu guztiak dohan direla sinesteak.

4. Lan honi eman nahi diodan garrantzia ta balorapena

1.ik Zuberoan bizi naizelako, nere itaunketan eremu hortara mugatuko naiz, gehien bat, eskualde hortan lan egin eta egiten dutenekin ibiliko.

2.ik Zuberera hitzegiten, irakurtzen, idazten dakidalako eta berriemaileen hizkuntza delarik euskalki hortan egingo dizkiet itaunak. Bestalde euskalki hortan ez dira sendakuntza arloko idazkiak falta, nahiz gehienak argitara bageak.

3.ik Ahalik eta osoenik, sinkronian osasunbide ta sendabide eztiak, erabilka zaharrak bilduko ditut eta jakintzaren aldetikako baloreaz arduratuko naiz.

4.ik Jakintza hori, gazte garaian Zuberoan biziago ikusi badut ere ta etxean, Parisen ere, gurasoek aplikatu badidate, ez da oraindik hilik, eta gure eskualdean zorionez ez da etenik izan, gaur sendagintza eztia erakasten dutenak, beren jakituri zati bat, etxean ikasi herri-sendakuntzatik baitator, ba, gero betiko legez, kanpotik bestea.

5.ik Herri mailan zer galdu den ikusi beharko zait, zeren sendakuntza eztiko taldetxo berrietan nekazari gutxi baita agertzen?

6.ik Herri-jakintza horrek, gutxienik, bi adar ditu biak ikertuko ditudanak, etxeko-sendagintza gehienbat, etxekandereek ezagutzen dutena, ta jinko txipien herri-sendagintza (ezur zuzenketa, larrumin, sendaketa, belarren erabilera).

7.ik Zuberoan lekukotasun zaharrak dauden ezkero, diakronianlan zerbait egitea gogoko nuen,...